Ohitura zahar baten amaiera
1603ko San Pedro egunean aldaketa nabarmena gertatu zen
jai horietan ospatzen ohi ziren ekitaldietan.
Antzinako ohiturari jarraituz, San Pedro egunean
arratsaldeko 3ak aldera, 20 dantzari baino gehiagoz osaturiko taldea kalejiran
irteten zen herrian zehar. Eta herriko agintariak lagun zituztela, kargua
utzitako maiordomoaren etxera abiatzen ziren txirula eta danbolinaren
soinupean. Etxe horretatik San Pedro Marinelen Kofradiako kontuak zituen kaxa
ateratzen zuten. Gazte horietako batzuek kaxa leporatzen zuten eta bere gainera
San Pedro mozorrotutako gizon bat igotzen zen. Haren albo bietan beste gizon
mozorrotu bi jartzen ziren, San Andres eta San Juan irudikatzen zituztela.
Horrela, txirula eta danbolinaren soinupean eta arkabuz tiroak jaurtikiz,
maiordomo berriaren etxera abiatzen ziren; eta kaxa han uzten zuten hurrengo
urtera arte.
Aipatzen ari garen dantzariak Mendexako elizateko
auzokoak ziren, txalupa lekeitiarretan lan egiten zuten marinelen artean
aukeratuak.
Aurreko urtera arte, 1602ra alegia, aurretik azaldutako
ohitura ofizialetik aparte, eta Kofradiako
kontuak zituen kaxa maiordomo berriaren etxean zegoela jadanik, San Pedro egun
berean, dantzariak eta mozorrotuak Zubieta etxera abiatzen ziren, txirula eta
danbolinpean. Han askaria ematen zioten, ahari-okela ugariz, zortzi pitxel
ardoz, bizkotxo kantitate handiz, ogiez eta hainbeste opariz osatua. Ondoren,
dantzariek kalejiran Zubietako jauntxoak laguntzen zituzten Santa Maria
elizaraino, non meza ospatzen zen. Horren ostean, dantzariek etorrerako era
berean Adan de Yarzatarrak Zubietako etxeraino
laguntzen zituzten.
Dantzariak eta mozorrotuak ez zeuden inora joatera derrigortuta,
salbu eta beren borondatez horrela egitea nahi bazuten.
1603ko San Pedro egunean,
baina, istiluak izan ziren San Pedro Marinelen Kofradiaren eta Zubieta etxeko
ugazaben artean. Iskanbila horien sorrera da auzoko gehiengo handi batek,
Sebastian Lopez del Puerto abokatuak aholkatuta eta Kontzejuaren etxean
bilduta, boto bidez erabaki zutela Zubietako askarira ez joatea, ezta etxe
horretako jabeak laguntzea ere. Horrek biziki haserretu zituen Zubietako
jauntxoak. Eta emaitza izan zen salaketa jartzea marinelen Kofradiaren kontra
Calahorrako Apezpikutzan.
Salatzailea Martín de Lariz
izan zen, Lekeitioko Santa Maria parrokiako bikarioa eta Zubietako jauntxoen
alderdikoa. Honek, Elizaren eta Calahorrako Apezpikutzaren interesak
defendatzen zituela aitzakia hartuta, hiru apostoluak irudikatzen zituzten
dantzariak nola mozorrotzen ziren salatu zuen, eta Jainkoaren kulturako ziren
eliza-jantziak ospakizun profanoan erabiltzen zituztela argudiatu zuen.
Salaketa horren aurrean Calahorrako Apezpikutzaren fiskal orokorrak Kofradiako
maiordomoak kriminalki salatu zituen. Hauek akusazio horien kontra defendatu
ziren eta zibil bidetik Bizkaiko Epaile Nagusiarengana eta Valladolideko
Chancilleriako Presidente eta Entzuleengana jo zuten, zeintzuek arrazoia
eman zioten Kofradiari.
1605eko San Pedro jaietan istilu
gogorrak izan ziren San Pedro Kofradiako marinelen eta Lekeition aurkitzen zen
Salazar jaunaren artean, Calahorrako Apezpikutzaren bisitaria. Iskanbilaren
sorrera izan zen dantzariak eta apostolu mozorrotuak ukatu egin zirela
Zubietako etxera joatera, horrela eskatu ziotenean. Jarrerak Salazar
bisitariaren haserrea piztu zuen eta zigortzat kaxarrankaren ospakizuna
debekatu zuen. Debekuak ez zuen ondoriorik izan Felipe III.ak prozesioaren
ohitura errespetatzea agintzean, bere antzinatasunagatik eta ez zelako
profanotzat hartzen. Gatazka horrek argi erakusten du San Pedro Kofradiako
marinelek 1603an Zubietako jauntxoen kontra erabakitako boikotari eusten
ziotela.
Iñaki Madariaga Valle. 2014