Kofradia zaharreko erlojua


Lekeitioko arrantzaleen kofradia zaharreko eraikina, Manuel Vicente de Laca arkitektuaren planoek diotenez, 1803ko urtean hasi ziren egiten eta 1808an amaitu.
Eraikinak fatxada nagusian erloju mekaniko bat zuen, 1881eko urtean ipinia. Erlojuak atzeko aldean duen brontzezko txapan ondoko hau irakurri daiteke:


ROQUE
DE LA PRADA
EN DURANGO
1786

Erlojua eraikina baino zaharragoa izatea da gehien harritzen duen datua, 1786koa lehena eta 1808koa bestea, 22 urte zaharragoa alegia. Baina honek badu bere azalpena
Santa Maria elizako dorreko erlojua oso zahartuta eta matxuratuta zegoen 1786an. Hori zela eta, udalak urte hartako apirilaren 23ko Osoko Bilkuran hartutako erabakiaren bidez, Manuel de Gizaburuaga alkatea ahalmendu zuen, Roque de la Prada maisu-erlojugile durangarrekin tratuan sartzeko. Eta erlojuaren kontura erabakirik egokiena hartzeko ahalmena zuen, erloju zaharra konpontzea edo berria egitea.
Santa Maria elizako kontuek diotenez, badirudi lehenik zaharra konpondu zutela, berria amaitu bitartean ibil zedin ziurrenik. Erloju zaharra konpondu ondoren, Roque de la Prada erlojugileak berria egin zuen, Agustin de Albiz maisuak 6.170 errealetan tasatu zuena eta erlojugileak hiru zatitan kobratu zuena: 4.000 eta 170 errealeko zati bi, 1786an; eta azkena, 2.000 errealekoa, 1790ean.
Ondorengo urteetan, 1798ra arte, Roque de la Prada arduratu zen Santa Maria dorreko erlojuak zituen matxura guztien konponketaz.
Lekeitioko Udalak, 1846ko uztailaren 30ean izandako Osoko Bilkuran, Santa Maria elizako erlojua lekuz aldatzea agindu zuen eta San Jose elizako teilatura eraman zuten, herritarrentzat egokiago izango zelakoan. Horrela, Roque de la Prada-k 1786an egindako erlojua San Jose elizara eraman zuten eta Jose Javier de Uribarren kargutu zen aldatzeko obraren gastuaz.
1881ean, Jose Antonio de Amias alkatea zela, Lekeitioko Udalak erloju berria erostea erabaki zuen San Jose elizarako. Hori zela eta, Parisen bizi zen Claudio Abaroa lekeitiarra ahalmendu zuten, Parisko Collin etxeari dorreko erloju bat erosteko. Eta Lekeitioko Udalak “sccr. de B.H. Wagner” ereduko erloju mekanikoa erosi zuen 4.059,40 pezetan.
1881eko azaroaren 10ean amaitu zuten San Jose elizan erloju berria ipintzeko obra. Erloju zaharra, 1786koa, Martin de Elordik 1881ean konpondu ondoren, San Pedro kofradia zaharreko azken solairuan ipini zuten. Erlojua ez ezik, Esteban de Echebaster erlojugile eta kanpaigile gasteiztarrak egindako kanpaia ere jarri zuten, 406 pezeta kostatu zuena. Kanpaiaren zirkunferentzia 1,80 metrokoa da; diametroa, 0,50 metrokoa; eta pisua, 106,72 kilokoa. Kanpaiak inskripzio batzuk ditu. Goiko eraztunekoak hauxe dakar: JESUS MARIA Y JOSE ORA PRO NOBIS AÑO 1881. Beheko eraztunak, berriz, beste hau: PRO * PIEDAD * DEL * Y * LUSTRE * AIUNTAMIENTO * DE * LEQUEITIO * AÑO * DE * 1881. Eta beheko eraztunaren gainean dagoen lauki baten barruan honakoa: ESTEBAN / ECHEBASTER / EN VITORIA.
Batzorde bat eratu zen erloju biak ipintzeko obrak jarraitzeko. Batzordearen gustura geratu ziren egindako lan biak. Eta obra horien kostua 2.103,53 pezetakoa izan zen, Lekeitioko Udalak ordainduak.
Erlojuaren mekanismoa eta kanpaia

San Jose elizako erlojua Francisco de Inchusagarri aguazilak zaintzen zuen 1846tik. Aurrerantzean ere bera arduratu zen erloju bien zaintzaz eta korda emateaz.
Iaz, 2003an, San Pedro kofradia zaharreko eraikina zaharberritzeko obrak hasi ziren. Hori zela eta, han zegoen erlojua desmuntatu eta San Pedropeko lonjara eraman zuten. Han dago nork konpondu zain. Lan horiek aurten amaitu dira, 2004ko otsailaren 26an.
Iñaki Madariaga Valle 2004