
Lekeitioko
portuaren itxura, ohi den legez, aldatzen joan da urteen poderioz. Azken
aurrerapenak gehitzen joan zaizkio, eta zaharkituak edo baliogabeak kentzen.
Lekeitioko argazki zaharren bidez erraz nabari daitezke hark izan dituen
aldaketak. Aldaketa urbanistiko horietako bat 1905ean gertatu zen, naufragoen
salbamenduko estazioa eraiki zenean, gaur eguneko Arrantzaleen Kofradia dagoen
toki berean.
1903an
Elantxobe, Bermeo eta Lekeitioko alkateek, Diputazioari eskatu zioten
naufragoen segurtasuneko eta salbamenduko zerbitzua sortzeko probintziako
portuetan. Eskariari ezetza eman zioten, Aldundiak nahiko irizten baitzion
portuetako hobetze-lanez arduratzeari.
Baina
Lekeitioko Udalak eta Arrantzaleen Kofradiak ez zuten etsi. Eta horrela
1905ean, Naufragoen Salbamenduko Espainiako Elkartearekin hilabeteetan luze
jardun ondoren, akordu batetara iritsi ziren. Akordu horren bidez aipaturiko
elkarteak naufragoen salbamenduko estazioa uzten zion Lekeitioko portuari.
Horrela
1905eko apirilaren 9an Naufragoen Salbamenduko Elkartearen Lekeitioko
behin-behineko Junta eratu zen, Espainiako Elkartearen menpe zegoena eta
Lekeitioko salbamenduko estazioa zuzendu eta kudeatuko zuena.
Talaiako
lurrak aukeratu ziren estazioa eraikitzeko tokitzat, “San Pedro” Arrantzaleen
Kofradiaren gaur eguneko egoitza dagoen toki berean. Salbamenduko Estazioaren
eraikuntzak hiru fase izan zituen: kokatuko zen ingurua urbanizatzea,
salbamenduko txalupa eta gainerako tresnak hartuko zituen kaseta eraikitzea eta
arranpa bat eraikitzea, salbamenduko txalupa kasetaren barrutik uretara
botatzeko.
Lekeitioko
Udalak, 1905eko maiatzaren 27ko Osoko Bilkuran hartutako erabakiaren bidez,
talaiako lurrak erauzteko obrak hastea agindu zuen, kaseta kokatuko zen ingurua
urbanizatzeko. Lanak lau hilabeteren buruan amaitu ziren eta urbanizazioa paseo
batekin osotu zen, arboladia zuena eta iturri bat, kasetaren atzeko aldean.
Udalak ingurua urbanizatzeko gastuak ordaindu zituen, 3.200 pezeta. Arranpa eraikitzeko gastuak, 3.719,72 pezeta, udalak erena ordaindu zuen, eta gainerakoa, Naufragoen Salbamendurako Espainiako Elkarteak. Salbamenduko kaseta, txalupa eta gainerako tresnak Emile Robu frantziarrak donatu zizkion Lekeitioko herriari. Horregatik herriko seme izendatu zuten 1905eko irailaren 25ean.
Udalak ingurua urbanizatzeko gastuak ordaindu zituen, 3.200 pezeta. Arranpa eraikitzeko gastuak, 3.719,72 pezeta, udalak erena ordaindu zuen, eta gainerakoa, Naufragoen Salbamendurako Espainiako Elkarteak. Salbamenduko kaseta, txalupa eta gainerako tresnak Emile Robu frantziarrak donatu zizkion Lekeitioko herriari. Horregatik herriko seme izendatu zuten 1905eko irailaren 25ean.
Salbamenduko
estazioaren arranpak eragotzi egiten zuen kaitik tinglaura bitarteko pasua; eta
horregatik, zubi txikitxo bat eraiki zuten arranpa gainean. Semaforoa zen estazioaren
beste elementu bitxi bat, horren izateari buruzko datuak 30. hamarkadakoak
direlarik.
Naufragoen
Salbamenduko Elkartearen Lekeitioko behin betiko Junta 1907ko otsailaren 15ean
eratu zen, baina 1935ekoa da haren funtzionamenduari buruz orain arte ezagutzen
dugun araudi bakarra.
Hamabi
ziren Lekeitioko Juntako partaideak, eta horien artetik aukeratzen ziren
lehendakaria, idazkaria eta diruzaina. Zuzendaritzako Juntari zegokion
estazioaren funtzionamenduaz eta mantentze-lanez arduratuko ziren langileak
izendatzea: patroia, motorista eta ikuskatzaile teknikoa.
30eko
hamarkadan Roman Etxevarrieta Garamendi zen Lekeitioko Juntako lehendakaria,
Tomas Iturraran idazkaria, Victoriano Cortazar salbamendu-txalupako patroia eta
Angel Achurra motorista eta mekanikaria. Txaluparen tripulazioa, aipaturiko
patroi eta motoristaz gainera, lau arraunlarik osatzen zuten, salbamendu edo
maniobraren bat egitera irteten ziren bakoitzean aukeratzen zirenak.
Arraunlariei 25 pezeta ordaintzen zitzaien salbamendu-irteerako; eta 5 pezeta
maniobra-irteerako.
Urtero
lau aldiz irteten ziren Lekeitioko ondoko portuetara, Naufragoen Salbamenduko
Espainiako Elkarteak ematen zituen zerbitzuak ezagutaraztera eta dirua batzera
estazioaren mantentze-gastuetarako.
Urtean
birritan, horietako bat San Antolin jaietan, salbamenduko simulakroak egiten
ziren portuan txaluparekin, eta estazioaren tresna guztiak ondo zebiltzala
frogatzen zuten. Horien artean zegoen soka jaurtikitzeko kanoia, 100 gramo bolboraz
kargatzen zena eta soka 200 metrora arte jaurtitzen zuena. Arrantzale
erretiratu askok gogoratzen dute nola egiten zen tiro kanoiarekin eta nola
jaurtikitzen zuten soka tinglautik irlaraino. Sokaren mutur biak lotzen
zituzten –bata tinglauan eta bestea irlan- eta boluntarioak pasatzen ziren
irlatik tinglaura sokari zirgilo birekin lotutako otzara edo kutxa antzeko
batean.
Salbamendu-txalupak
honako tresnak izan behar zituen uneoro: estatxa edo unama bat, 3 pulgada lodierako 100
metroko sokarekin, 4 arraun, palo eta bela, 4 salbamendu-txaleko, zunda bat 25 metro aparailurekin,
turuta, flotagailua duen aingura bat, farolak, bengalak, kizki-makil bat,
abordatzeko gantxoa, aizkora bat, upel bat edateko urez betea, konpas bat,
kanabera berunarekin eta salbamenduko flotagailu bat popari sokarekin lotua.
Salbamenduko
herriko Junta arduratzen zen, baita ere, portuko moilak salbamendu flotagailuz
hornitzeaz, baita Isuntza eta karraspio hondartzak ere udaldian.
1929an
salbamenduko estazioak txalupa bi zituen, horietako bat irauli ezina (berez
jartzen zen gora begira, haize bolada zakar batek edo beste edozerk buelta
emanda ere). Bi ziren, halaber, soka
jaurtikitzaileak: “Spandau” markakoa bat, eta “Lyle” markakoa bestea.
1930ean estazioa salbamendu-txalupa berri
bateaz hornitu zen, “Emperatiz Zita” izenekoa, irailaren 21ean bedeinkatu
zutena Zita enperatriza bertan zela. Kaskoa Bartzelonan egin zuten, Naufragoen
Salbamenduko Espainiako Elkarteak emandako diruaz, eta motorea gehitu zitzaion,
Zita enperatrizak oparituta. Txalupa berri hau besteak baino handiagoa
zenez, ezin zen estazioko arranpan sartu. Horregatik karabineroen kaseta
aurrean ainguratzea erabaki zuten.
1933an
arranpa lurrez bete zuten berriro, txalupa berrirako beharrezkoa ez izateaz
gainera, zubiak jendetza handia hartzea espero zelako, tinglau gaineko paseo
berriko obrak amaitzean. Zubiko burdinazko barandari erabilera berria eman
zioten, eta San Juan Talako terrazan jarri zuten.
1934ko
urte hasieran kaseta argi elektrikoaz hornitu zen, materialak txalupara ahal
den azkarren garraiatzeko, salbamenduren bat gauez egin behar zenean.
Salbamenduko
Herriko Juntak naufragoei laguntza emateaz gainera, pertsona partikularrek
itsasoan egiten zituzten salbamenduko ekintza guztien berri ere hartzen zuten,
eta sariak ematen zituen. Horrela, bada, 1929an Ondarroako “Solabarrieta”
baporeko arrantzaleak 370 pezetaz saritu zituzten, eta zilarrezko domina bi eta
brontzezko bederatziz kondekoratu, “Mari” baporeko bederatzi naufrago lekeitiar
salbatzeagatik.
1935ean
hogeita bi pertsona salbatu zituzten partikularrek Lekeitioko portuan.
Horietako hogei umeak ziren.
1935eko
otsailaren 12an, denborale zakar baten erdian, Lekeitioko salbamendu-txalupa
zazpi pertsonek tripulatua, portutik irten zen Mundakako “San Juan Bautista”
baporeari laguntza ematera, noraezean baitzebilen portutik hiru milatara. Ez
zuten inor aurkitu eta baporea atoian ekarri zuten Lekeitioko portura.
Tripulazioko bakoitzak 25 pezeta hartu zuen Salbamenduko Herriko Juntaren
eskutik. Honako hauek osatu zuten orduko tripulazioa: Victoriano Cortazar
txalupako patroia, Angel Achurra motorista eta Ignacio Chacartegui, Pedro Egia,
Vicente Uriarte, Eugenio Egia eta Felix Goyenechea boluntarioak.
1934ean
kendu zuten Naufragoen Salbamenduko Lekeitioko estazioaren kaseta, eta
Lekeitioko portuak orduan jasan zuen beste aldaketa urbanistiko bat.
Iñaki Madariaga Valle 2005